XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Abbadia gaztelutik

Itzulpen asasinoei buruz

Gaztelu honek, aukera paregabeak eskaintzen ditu gogoetarako. Berez bultzatzen du hemen paisaiak gogoetara.

Gaur, esate baterako, itzulpenetara errazegi joz, geure hizkuntza suntsitu egiten dugula jarri naiz pentsatzen.

Izan ere, nire antzerako igerilariak, beste hizkuntza handiagoen itsasoetan egunoro bainatu beste erremediorik ez duenak, isilpean gorde ohi du dozenerdi bat pena geure hizkuntzarekiko.

Ematen du erraminta txiki bat baizik ez dela izaten askotan euskara, alboko frantses, gaztelania eta ingeles diganteekin alderatuz gero.

Geure mintzairak egunorokotasuna mundu propialean bizitzeko aukera eskainiko balu, agian ez genukeen ezagutuko halako nanoak izatearen sentipenik eta dolorerik ez baitago zertan ibili ezagutzen ez den goserik asetzen.

Baina zer nahi duzue esatea, bada, egia ezik, nik asko maite ditut gaztelaniak hain berezko dituen hitz potoloak, bost ogerleko edo gaur egunean 0,15 euro balio duten horietakoak.

Anquilosado, requiebro, abrupto eta horrelako hitz zaratatsuak gustatzen zaizkit niri, neurrigaberik.

Adibide bat jartze aldera, iridiscencia esateko gogoa sortzen zait batzuetan.

Azkurea sortzen zait supitoan eta prezeski iridiscencia hitzak adierazi nahi duena esan arte, ez zait azkure hori inola ere joaten adimenaren zintzurretik.

Euskaraz nola esan asmatzen ez dakidanez, (ez etorri nigana diztiranta eta antzeko pitokeria errazekin), sukar baten menpe egoten naiz nire gutiziaren zama zelabait irauli artean.

Orduan euskarak kale egiten dit, hankamotz agertzen zait, ezaguera arrotz batek sortu didan gosea isiltzeko, nire lepagaineko diska gogorrean gordetako apurrak ez du eta hainbesterako ematen.

Orain dela hilabete, esate baterako, hay amores que matan esateko gogo bortitza sartu zitzaidan eta ez zidaten balio izan garbitzen duten amodioak ere badira bezalako itzulpen urjentziazkoak.

Esango dizuet, gainera, zergatik piztu zitzaidan halako gogo neurrigabe hura: Adolfo Careaga, Unidad Vizcaína-ko kideak, vascuencea asko maite duela esan zuen.

Espainiako kulturaren bitxi bat delako, (ahaztu egin zitzaion, gaisoari, Frantziako kulturaren bitxi ere badela aipatzea), eta aldi berean, gaur egunean jada ez duela ezertarako balio ere gaineratu zuen: Euskarak ez du balio ez soneto bat idazteko, ez amodiozko gutun bat edo bankuko kreditu bat egiteko.

Orduan nabaritu nuen zintzurrean gora zetorkidan irrintzi arrotz hura: hay amores que matan egin nahi nuen oihu lehertu aitzin.

Ezin esan, baina, antzekorik geure hizkuntzan, ez behintzat Gotzon Garatek bere lan mardula Durangorako argitaratuko duen artean.

Horregatik hartu nuen itzulpengintza akademikoak sekula onartuko ez lukeen lizentzia txiki bat, eta ezkerrera eta eskuinera begiratu eta Sarasolarik inguruan ez zebilela ziurtatu ondoren, Hobe bai hire amodio horrek itoko bahindu! egin nuen garraisi.

Igoal ez da oso zuzena izango itzulpena baina, adiskideak, hamalau baino gustorago geratu nintzen neure praketan sartuta.